Autoan sartu eta osteguna zenez, Young Play dantzatokirantz joatea erabaki zuen, oraindik zerbait egongo zelakoan.
Dantzatokira iritsi zenean kontzertu bat zegoena ohartu zen. Hura bai nobedadea, musikari bati ordaintzea, halako lokalen jabeak ohi ziren zuhur demonioekin. Tronpeta-jole beltz xahar bat zen, ez zegoen ordea jende gehiegi hari begira. Aurreko ostegunetan baino are jende gutxiago zegoen. Barrara hurbildu zen.
– Nor arraio duk hau?
– Ona duk oso, ezta?
– Kultuzkoa baduk behintzat, inork ez ziok eta kasu zipitzik egiten.
– Bob Ieregi izena dik, amerikarra. Honekin ordea ez diagu egingo negozio handiegirik. Eskerrak laster boxeo konbate bat duguna.
– Boxeoa? Um, horrek itxura hobea zeukak.
– Errenteriako tipo gazte bat, berria, bere debuta egingo dik hemen Jimmy Sánchez Kolirioren aurka. Kanela fina, txo. Zer nahi duk edateko?
– Atera iezadak gintonic bat, ze arraio.
– Hire kontuan apuntatuko diat hau ere?
Laranja Mekanikoak hamar milako bat atera zuen patrikatik.
– Nire kontuan, bai. Gaur kitatuko dudan kontu horretantxe.
– Arraioa, beldurra ematen didak diru freskoa daukaan guztietan! Enpresari sartu al haiz?
– Nolabait, aixkide. Hik ezagutzen nauk pixka bat. Free-lance bat nauk ni, badakik.
– Free-lance! Non ikasi duk hitz hori, Lar?
Laranja Mekanikoak ez zion burlaizea zerion galdera zirikatzaile hari erantzun. Barran zegoena sozioetako bat zen –hura bai, benetako enpresaria– eta hamar milakoa atzera bueltatzeko keinua egin zuenean seko harritu zen Laranja Mekanikoa.
– Gorde diru hori.
– Orain niri ematen zidak beldurra hire begirada horrek... Ezagutzen haut hainbeste eta bazekiat ez duala sekula musutruk zorrik barkatu. Zer eskatzen didak horren truke?
– Gauza berezirik ez: boxeorako bi zaku behar ditiagu, harez beteta dauden erraldoi horietakoak, boxeolariak aldageletan berotu daitezen. Borroka serioa egin behar diagu eta federazioak eskatzen dituen kakazahar guztiak bete behar ditiagu. Kristoren ipurdiko mina ematen dik federazioetako jende honek. Pasaiako boxeo klubetik inguratuko al hituzke zaku pare bat?
Pag.: 92