Pasaia blues, Pasai Antxo

Libros

ketari

Pasai Antxo. Auto tailer mekanikoak, torloju bakoitzari koska bat estuago lotzean munduko makina-gelari eragiten ziotela ziruditen langile buzodunak eskuak galtza urdinetan igurtzitzen, tarteka eguzkiari zeharka so egiten ziotenarekin batera. Gasoil usaina, konpontzen jarritako sare lerroei arrainek behin erantsitako hozkaden lurrin urruna, behiala merkantzia sartu-irten eta jarduera handia izan zuten lokal orain hautseztatu eta leihorik gabeak, laurogeiko hamarkadan –Bahía de Pasaia kantuaren garaian– jonkien babesleku izandako komun apurtuak, dagoeneko geratzen ziren jonki apurrek ere leku erosoagoen mesedetan abandonatuak. Pasaiako portu inguruko pabilioiek osatu perfilak bazuen hortzadura izorraturik zuen agure zahar baten ahoaren antza: pabilioietako horma eroriak, falta diren hormak, eta horma batetik besterako koska irregularrak.

      Abenduak bere bigarrena betetzen zuen. Pasaiako kaleak eta hormak afixaz beteta zeuden, Hernaniko Young Play dantzalekuan jokatzekoa zen boxeo lehia iragarriz. Normala zen alde batera, pasaitar gazte baten debuta ez baitzen egunero sortzen zen berria. Egunkariek ere, Paulino Uzkudun eta Paco Buenoren garaiko argazki hautseztatuak kaxoien hondo ozeanikoetatik berreskuratu eta beren argazkilari eta bekarioak zakurren gisan bota zituzten Pasaiako gimnasiora, barruko orrialdeetarako kutsu melodramatiko eta ukitu bogartardun kronikak idazteko aginduta. «Txiki-txiki egingo dut», «Begiak zapi batez lotuta ere irabaziko nioke», «Agure horrek jakin behar luke erretirada duela garaipenerako bide bakar, eta garaiz dago oraindik».

 

Pag.: 14

pasaia boxeo pasai antxo pasaia blues pasaiako portua