Edozein gautan zoritxarren bat gertatuko zen, hala ere. Gauaren erdian errepidea zeharkatzen zuten mamuak bezalakoak ziren gaueko gidari lasaien bidea aztorarazten zuten haiek. Errepidean zihoazen trailer eta auto gidariengan harridura eta izua sorrarazten zuten, ezustean, Renfeko trenbidea igaro eta metalez betetako zakukada pisutsu bat lepoan hartuta N-1 errepidea zeharkatu eta Pasaiara korrika ihes egiten zuten iluntasunaren zerbitzari haiek, gauak zurrupaturik desagertzen zirenak gero.
Pasaiako portuko zaindari eta estibadoreek diamante-la purrak esaten zieten, portuan pilatutako txatarra meta eskergen baitan, brontzea, kobrea edo aluminio pieza ttikiak bilatu eta lapurtu ondoren badia inguruan merkezurrean ziharduten txatarreriatara saltzen zituztelako.
Batzuetan egun argiz jarduten zuten, haientzat are arriskutsuago zena, trenbidea eta N-1 errepidea hurrenez hurren igaro behar izaten zituztenez. Gainera, garabietako langileentzat ere neketsuagoa zen lana, diamante-lapurren agerreraz geroztik kontu handiz jardun behar izaten baitzuten txatarra ontzietatik deskargatzean, txatarrazko metan burdina bila zebilen diamante-lapur koitadua bertan ez xaflatzeko. Hasieran poliziari hots egiten zioten portuko zaindariek, baina aspaldian etsia hartua zuten: inoiz ez zen hogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa lapurtzen zutenaren balioa, eta aske geratzen ziren berehala.
Diamante-lapur haietako batzuen ezizen bitxi eta deszifraezinen berri ere bazuten garabietako langileek: Txekiarra, Juan Perro eta Laranja Mekanikoa, sarrien azaltzen zirenetako hiru baino ez ziren. Langabezian zeuden gizonak ziren, adinean sartuxeak gehienak, estatistiketan «langabetu desanimatuak» sailean sartu ohi diren horietakoak eta lapurreta ttikiokin bizirauteko txanpon puskaren bat lortzen zutenak: hemezortzi bat duro aluminio kiloko, hura baitzen txatarra-meta erraldoietan errazen aurkitzen zena.
Azaroak bederatziko gertakizun hura gogoan zuen oraindik Martak. Hiru gizasemek, trenbidearen erdian, bertan behera utzi behar izan zuten esku artean garraiatzen zuten ehun kiloko pieza bat, ustekabean trenak harrapatuko zituela ikustean. Tren-gidariak doi-doi lortu zuen lokomotora geratu eta metal zati hura saihestea. Lokomotoraren argiek ere, gauaren tapetea urratzen deneko distira bortitz eta dirdaitsua marraztuko zuten noski airean, tren gidariak siku balaztari sakatu zionean.
Kolpea eman eta zuloan sartu. Diamante-lapurrek ere halaxe jokatzen zuten. Bazuten haien antza apur bat.
Diamante-lapurren gaiak ez zuen komunikabideetan oihartzun handiegia izan. Garaitsu hartan, Pasaiako portuaren inguruko pabilioietan zakurren arteko borroka klandestinoak egiten zireneko susmoen gaineko ikerketak eta zurrumurruek baitzuten prentsan protagonismo gehien. Hemerotekak aztertuz gero, zakur borrokak eta boxeolari pasaitar gazte baten debutaren notizia ziren lehen orrialdeko notizietariko bi, letra handiegietan ageri ez ziren arren.
Egia esan, ongi etorri zitzaien diamante-lapurrei txakurren afera. Nolabait, kate motzean lotuta zeuzkaten jabeek beren maskotatxoak. Pabilioietako apustuetan lehiatzen zirenak doberman, presa canario, rottweiler, dogo argentinar, pitbull edo bulldozerrak lako zakur handiak izan arren, entrenamenduetarako zakur ttikiak erabiltzen zituzten sparring bezala, handiagoek bertan sarraskitu eta txikitzen zituztenak. Beren zakurra galtzeko beldur, psikosiaren pean ziren honenbestez inguruetako zakurren jabeak, eta ez soilik zakur handienak. Zakur asko desagertu zen aspaldian paraje haietan, eta Pasaiako sukaldeetan ere preso zeuzkaten gauaren erdian jabeek beren animaliak, hozkailu erdi huts eta itxien giderrei lotuta edo. Hala zirudien behintzat, Laranja Mekanikoari eta bere lagunei ez baitzieten aspaldian, Sakamantekasen gisara, zakua hartuta, trenbidea eta N-1 errepidea zeharkatu izan zuten azken aldietan batere zaunka salataririk egin.
Pag.: 45