Twist, La Cumbre jauregia

Libros

ketari

 — Balioko du?

        Utzixea dago palazioa, baina balekoa da. Aski zabala. Nahikoa aldendua. Ez du inguruan etxebizitza askorik, babesik ez da falta eta hesitua dago perimetroa. Argiteria eta farolak, udaletxeari eskerrak, ez dira batere sarriak. Hiriko erdigunean bizitzeko diru askirik ez duten familia gazteak bizi dira hemen batik bat, barreiatu antzean banatutako etxebizitza bloke ttipietan. Ongi eraiki eta urbanizatutako hiru-lau solairu gehienez, etxe-talde ez oso sarriak, beren baitara bilduak eta bakartuak, nekeza da oraindik laurogeita hamarretan etortzekoa den higiezinen loraldia sumatzea. Lorategi zaharxko batek eta putzuz betetako tenis-zelaiak inguratua, palazio hark gela dezente ditu, sei-zortzi bai gutxienez, lehen begiratuan kalkulatu duenez. Bakarren bat gehiago, beharbada. Eta sotoren bat ere ez da faltako. Labezomorroak dabiltza eskaileretan, goizeko freskurak lepogabe bilakatu dituen usoak teilatu-erretenean barbar, pintura eroria hormetan, arrautza pitzatuaren axala dirudien esmaltea nonahi. Hautsa-eta, armiarma sareak-eta.

        — Zer dago garajean?

        — Ezer gutxi orain. Mutilek motoak uzten dituzte hor, tarteka.

        Atearen aurrean errezel lanak egiten dituen olana astuna apartatu du esku batekin: bujia pitzatuak, egurrezko kutxa batean. Mangera berdea, mila laurehuni zulatua baietz, koipe eta gasolio usaina, piragua bat plastikozko baliza gorriari estekatua, aurreko urteko egutegi bat, 1982, Futbol Mundialetakoa. Sanglas sidecar bat, Lambretta zahar bat, gasolina lata bat buruz behera, baselina hodi bat azken tantaraino zukutua putre azazkalez.

        — Zakurrak ere ekartzen dituzte batzuetan.

        — Zakurrak?

        — Bai, entrenatzeko.

        — Hemendik aurrera ez ditzatela ekarri. Akabo zakurrak, akabo motoak, eta akabo tenis partidak denboraldi batez. Garbi dago?

        Gobernuaren delegatu izateko gazteegia da Fontecha, eta badaki. Horregatik hitz egiten du nagusikeria zakarrez. Horregatik eta gobernuaren delegatu izatea etorkizunean kargu gizenagoekin ordainduko dioten mesedetzat hartzen duelako. Hizketarako posturak zahartuko duelakoan, edo hogei zentimetro erantsi, edo Deabruaren begiradara hurbildu. Huts egiten du bere hiru helburuetan.

        — Esango diet mutilei, lasai horregatik: azken aldian Vargas eta biok bakarrik etortzen gara.

        Tenis-zelaiaren erdian, sarearen parean daude orain biak. Kare arrastoa ezabatzen hasia da lurrean eta sarea lasa dago, askoz ere baxuago erdialdean ertzetan baino. Geletara pasatu dira. Barru usain hori, euri langarra egin izan balu bezala moketaren gainean. Gertatzen da: kanpoko umelak agertzen dira barruan lantzean behin, hormei hezetasun orbanen lotsak ateraraziz. Itoginen bat, baina bestela ez dago hain gaizki. Bertan bizitzeko moduan ez, jakina. Haiek oinez, lurra aieneka, kortxo bihurri. Hau bai, hau ez, hau bai, hau ez. «Hau, hau eta hau». Leihorik gabekoak hirurak.

        — Hiru gela horietan marka gorri bana nahi dut.

        Sukalde izandakoan, iturria jirarazi du Fontechak. Teilatutik ez bezala, ez dator tantarik tutuan behera.

        — Jenerala kenduta dago, baina hoditeria ongi dabil. Nahi izanez gero emango dugu ura.

        — Gaur bertan ahal bada, Rodrigo.

        — Utzi hori nire gain, Vargasekin hitz egingo dut.

        — Konfiantzazkoa da Vargas hori?

        «Kristau zintzo bat bezain, gure On Pedro», otu zaio Rodrigo Mesari. Beste zerbait esan du, ordea:

        — Konfiantzazkoa erabat.

        — Ongi aukeratu behar ditugu gizonak, Rodrigo, gai delikatua da.

        — Ulertzen dut, Fontecha. Tori, giltzen kopia bat ere egin dizut.

 

Pag.: 111

aiete gal palacio de la cumbre twist