Zaharraren itxura areago abailtzea ezinezkoa zela uste bazuen, oker zegoen Diego. Zakur egurtuaren begijeak hiru hazbete txikiagotu zuen. Zer edo nor, baina norbait bai, bere aita jibarizatzen ari zen. Begiak beteta, lotsatzeko ere indarrik gabe bota zion:
– Okerreko lekura etorri nauk, Diego. Correoseko ilaran jarri nauk zain, mostradoreraino heldu nauk, liburuok postaz bidali behar nituela sartu zaidak kaskezurrean.
Postetxetik hogei pauso urrunduak ziren ordurako, aterki bakarraren pean ezin kabiturik beso bana emanez zarra-zarra zetorren ur turrustari, posta eraikinetik baino Artzain Onaren katedralaren atzealdeko burdina-hesitik gertuago. Donostiako postetxearen eraikin nagusia eta Koldo Mitxelena liburutegia hartzen zuen eraikina, izatez, biak ala biak ziren kanpotik eite berekoak. Simetriaren ispilukeria. Edozein nahas zitekeen.
– Despistatu egin zara, hori da dena. Liburuak utzi eta bakea.
– Ez duk ulertzen, Diego: sinetsita nengoan liburuak posta paketeak zirela. Ordu erdiz egon nauk txanda noiz ailegatuko... Postetxeko langileak durduzatuta begiratu zidak. Konturatzen al haiz zer esan nahi duen horrek?
Pag.: 29