Pasaia blues, Pasaiako portuko pabilioi

Libros

ketari

Ordurako bi zakurrak –benetakoak hauek, edo agian ez hain benetakoak, hori ikusteko zegoen– pabilioi barruko metalezko mahai banatan jarrita zeuzkaten eta piztiak mangeraz garbitzen ari ziren, azala substantzia loarazleren batekin igurtzi baliete ere, badaezpada. Huraxe zen amarruetako bat: txakur ahulenaren azala gai loarazleaz espraiatu, beste zakurrak kosk egiten zion orduko lelotu eta bertan zerraldo eror zedin, nerbioak erabat anestesiatuta. Zakur hauetako batzuk lau hilabeteko kumeak zirenetik entrenatzen zituzten beste zakurren kontra borrokaraziz. Borrokek luze irauten zuten sarritan, ordu t'erdi ere bai kasurik muturrekoenetan, eta askotan hilda bukatzen zuen zakur galtzaileak. Zakurrak jabearekin gurutzatzen zuen begiradaren bat lantzean behin. Tira, ez nazazu gaizki utzi, ez etsi, ekin gogor, eraso Elur, eraso, ez zaidazu huts egin. Eta jabea bere ondoan zeukan zakurrak, zeukan guztia ematen zuen. Bizirik baina berriro borrokatzeko ezgauza geratzen zirenak badia ilunera botatzen zituzten burdina puska bat lepora lotuta, edo tiro batez errematatzen zituzten pabilioitik kanpora arrastaka aterarazi ondoren. Kasurik onenean, tailer mekaniko bateko zaindari bezala bukatuko zuten, burua galduta.

Laranja Mekanikoarentzat bigarren aldia izan arren, ez zen erraza hartara ohitzea. Bi zakur amorratuak hedeetatik eutsiz pintura gorriz margoturiko zirkuluaren erdira gidatu zituztenean, Alainen keinuari itxaron zioten zakurrak askatu aurretik. Gero etortzen zena okagarri samarra iruditzen zitzaion Laranja Mekanikoari. Sekula inori aitortuko ez ziokeen arren, nahiago zuen gizaki bat lurperatu, bere burua zakur bat lurperatzeko atakan aurkitzea baino, kasurik gehienetan. Alainek ordea, disfrutatu egiten zuela zirudien. Apustugileak berriz, gizajo jendea ziren, gutxik zuten esperientzia hura errepikatzeko itxura; beren bizitzarekin zer egin jakin ez, eta emozio berriak agindu zaizkien ludopata aspertuak besterik ez ziren gehienak. Pena pixka bat ematen zuten. Baina beraiena zen errua, dirua hain era hutsalean arriskatzeagatik.

Ospela zen pabilioi barruko giroa. Laranja Mekanikoa, nabearen erdialdea utzi eta Pasaiako portu osoa ikusmiratzen zeneko leiho hautsira inguratu zen. Hotza sartzen zen handik baina ez zegoen leiho hura ixteko modurik. Horrek bere onetik atera zuen, bere buruan ere zerbait itxi ezinik bailegoen. Portuan ainguraturik zegoen karramarroen ontzi hori erraldoia. Handik minutu gutxira, biratu zenerako, Alain bakarrik geratzen zen nabean eta argiak itzaltzen ari ziren. Pinturaz margoturiko zirkuluaren barruan hildako zakur bat zetzan, eta hain zegoen egoera penagarrian, Laranja Mekanikoa ez baitzen lehiatu ziren bi zakurretarik zein ote zen asmatzeko gai izan.

– Hi, mozolo, har ezak piztia gaixo hau eta desagerrarazi ahal duan lekuan. Desagerrarazi esan diat, ez ezak edozein bazterretan utzi.

Alainek sobre bat atera zuen txalekuaren barruko patrikatik, eta hamar milako sorta gizenetik bost billete apartatu zituen Laranja Mekanikoari luzatuz, deskartaturiko karta parea mahai gainera botatzen duen muslariaren keinu utziaz.

Laranja Mekanikoak zaku batean sartu zuen zakurra eta bere autoko maleterora irauli ondoren, Astigarragako errepidea hartu zuen. Mendiko bidezidor batean barneratu eta zuhaitz baten ondoko lurra zulatu zuen, zakurra zaku eta guzti zulora botaz. Lur zulatu berria estaltzeko sasi bila joan zenean, azken zakurra lurperatzeko erabili zuen kobazulo ttikiaren paretik igaro zen. Zakurraren izena idatzita zeukan domina bat zegoen kobazulo parean: Platon. Boladan zegoen nonbait, zakurrei filosofoen izenak jartzea. Poltsikoratu egin zuen, zer gerta ere. Platon, kobazuloan lurperatua, barregarria iruditu zitzaion kointzidentzia.

Pag.: 90

pasaia pasai antxo pasaia blues portua txakurrak