Martak hamabost kilometro korri egiten zituen goizero, Pasaiako portuan, garabien artean. Gustuko zuen hango paisajea, kapusaidun txandala jantzi eta erdi eroritako pabilioi eta txatarra meta ikaragarrien artean ibiltzea. Zer zegoen txatarra meta haietan? Auto kolpatuen kolpeleungailu zimurtuak, sukalde lurperatuen hondakinak, altzairuzko idazmakinak, urpekontzi errusiarren periskopio txikituak, trenbide zatikiak. Gustatzen zitzaion halakoak imajinatzea, Olatzi bere alderdi hura sekula aitortuko ez zion arren. Lasaitu egiten zen halakoak pentsatuta. Ona zen egunero rutina batzuk izatea, bestela erotu egiten zen bat denbora mastekatzearen mastekatzeaz. Birikek ere eskertzen zioten. Olatzekin bizitzen jarri zenetik gehiago erretzen zuen. Batzuetan nerbioak estutzen zizkion neskatxa hark, egia esan.
Olatz eta bere istorioak. Beldurra ere ematen zion, iparra galduta bailuen jokatzen baitzuen sarritan –beste txatarra meta bat: Auschwitzeko lanpara zanpatuak, haizezko instrumentu akastun eta herdoilduak, erlojuen orratzen kontrako norabidean zihoazen erloju matxinatu eta matxuratuak– eta Martak ez zuen jakiten horrelakoetan zer pentsatu. Bestalde ordea, maite zuen xalotasun hura. Martak bazuen Olatzek berekiko sentitzen zuen miresmen disimulaezinaren berri. Miresmen horren adibiderik garbiena zen sekula zigarro bat probatu ez zuen Olatz erretzen hasi zela Marta harekin bizi zenez geroztik, mimetikoki, barregarri samar gainera, kea irentsi ez arren eztul betean hasten baitzen lehen sakatua irensten saiatu orduko. Olatz asko harritzen zuen beste zerbait zera zen: bera pasaitarra izan arren, Martak, Trintxerpekoa izaki, berak baino askoz jende gehiago ezagutzen zuela Pasaian, haien artean hainbat estibadore, eta baita Pasaian garai zaharretan kontrabandoan ibilitako makina bat pertsonaia hala-moduzko ere.
Pag.: 33