Bi boxeo zaku erraldoi ezarian-ezarian urperatzen ziren badiaren erdian. Eternalki urperatzen ziren, sekula erabat urperatu gabe. Pasaiako bainuontziak ur irakinez betetzen ziren eta bainuontzira sartu aurretik, ispilu aurrean errudun sentitzen ziren biztanleek eskuetako hatz mami dardaratiez, Durruti, Lauaxeta edo Kennedyren erretratuak ziren garatxo atera berriak asmatu nahi zituzten bizkar biluzietan, aurpegi biluzietan, gorputz-adar biluzietan. Anartean, leihoan jarraitzen zuten botila haiek: zazpi Cutty Shark botila, eskala musikal bat dibujatuz, eskailera beherakor bat osatuz, gero eta hustuagoak, leihoko arasan txorroskileroaren ahosoinu baten gisara eraikiak. Sweet home, sweet home, Pasaia. Norbaitek asmatu behar zuen melodiaren bat leihoko musika tresna harentzat. Whisky botilak hustu behar ziren eta Pasaiako badiako ur zikinarekin bete. Eta Pasaiako badiako ur zikin horrekin bakarrik zen zilegi eta onargarria azken topa. Gora eskuak eta egin azken topa, baby.
Flinterzul - Finland, African Gardenia - Monrovia, eta guztien artean bereziena: Senokozulua - Pasajes. Senoko zuloa, hara bueltatu eta handik ez ateratzeko gogo instintiboa. Senokozulua. Itsasontzi batentzat izen egokiena: itsasora ihes egitea, noizbait bere sabelean geratzeko asmo inkontzientearekin. Nola ez ote zen inor lehenago konturatu. Pasaiako ur zikin haiek behar zuten izan behin bildu gintuen likido amniotikoa, amaren sabeleko sentipen urrun haiek guztiek egon behar zuten han, urpean.
Pag.: 127