Abenduak hogeita lau zituen. Olentzeroak zebiltzan batera eta bestera, Olentzeroak eskaparateetan, Olentzeroak telebistan, hormetako afixetan. Zakua hartuta. Hormirudietako batzuk alderantziz zeuden zintzilikatuak, pertxa batetik buruz behera zintzilik zeuden saguzarren antza zuen Olentzerok hauetan. Begi gorri, non harrapatu dek, arrain hori. Jai bezpera izatean, grebatik lanera itzuli berriak ziren estibadoreek ohikoan baino lehenago utzi zieten beren zereginei eta portuko Olentzero bereziak, diamante-lapurrak, alegia, txatarra meta inguruetan kizkurtuta zeuden su ttikiak pizteko ahaleginean. Ijito batzuk elkartu berri zitzaizkien eta hala-moduzko flamenko arrasto eta gitarra doinu garratz, baina hala ere ederrak, entzuten ziren tarteka.
Egundoko hotza egiten zuen. Gabon giroa nonahi, argiak eta guzti. Ez zen erraza ulertzea zergatik jarri zen boladan Eguberrietan kaleetan zintzilikatzen zituzten argien kontra hitz egin behar setati hori: goizegi jartzen omen zituzten eta gogaikarri suertatzen omen zen azaroaren bukaeratik haiek jasan beharra; hipokrisiaren adierazleak omen ziren, makillaje hutsa, kontsumismoaren ikurra. Ondo pentsatzen jarrita, ez al zuten hiriek Gabonetako argi koloretsu haiek guztiekin adierazten beren benetako izaera? Autopista ertzeko gau-klub hortera baten eran bonbilla kolore anitzez apainduak, hiriak benetan ziren bezalakoak agertzen ziren, mozorro guztietatik aske, mundua zen putetxe erraldoi eta mugagabea, denon bistara. Elurra bakarrik falta zen gabon-postal hura borobiltzeko. Baina Pasaia bezalako leku batean, abenduaren hogeita lauan elurra eskatzea gehiegi eskatzea zen. Abenduaren hogeita lauan ez zuen sekula elurrik egiten. Ez Pasaian.
Martak bide luzea egin zuen oinez eta Olatzekin elkartu zen Pasaiako portuan, txatarra meta erraldoien artean. Urpekontzi errusiarren periskopio hautsiak, haizezko musika-tresna akastunak, hemendik Moskura bitarteko trenbide urtuak. Oinez zihoazen, elkarri hitz egin gabe.
Pag.: 125