Kandinskyren tradizioa, Zemoriya

Libros

ketari

Gros aldera egin genuen. Han ez zegoenRosa eta gainerako lagunekin topo egiteko arrisku handirik, haiek, beti bezala, portu aldean ibiliko baitziren edo Kontxan bestela. Zurriolatik zehar, Okendo kultur etxe ingururaino iritsi eta handik gorago, Zemoriya bidea esaten zaionetik, nik uste.

Lehendabiziko zatian bideak espaloia du; etxeak daude bide ertzean eta farolak hiriko paseoetakoak bezalakoak dira, burdinazko txiki batzuk zuriz pintatuak, muturrean globo nahiko handi batez hornituak. Argi laranja kolorekoa ematen dute, beroa, erromantikoa ere bai, nahi bada, baina kezkagarriaere izan daitekeena gauez bakarrik bazabiltza. Gorago, ordea, desagertu egiten da espaloia eta farolak ez dira egiazko farolak, hormigoizko zutoin luze batzuk dira, muturrean lotuta foku fluoreszente bat dutenak eta argia eman, ematen dute, baina urdin modukoa gordinagoa, ez da kalekoaren gauza bera eta, gainera, etxerik ere ez da ageri.

Bestalde, aldapa hain da handia, ezen, bidea errazteko, bere zabaleraren bi herenhartuz, gora goazela ezkerrera, eskailerak dauden eraikiak. Hala ere, Aitorrek, eskutik hartuta, eskuineko aldetik eraman nahi izan ninduen, eskailerarik gabe dagoen pasabide estutik, non ildo sakon batzuk eginak dauden lurrean, ibiltaria behera irrista ez dadin, baina muzin egin nion. Alde batetik, urduritasuna eta ibilaldia zirela medio, izerditan nengoelako, eta lotsa ematen dit izerdi kiratsa izan dezakedala pentsatze hutsak; alderdi horretatik esperientzia txarren bat ere izan baitut. Bestalde, ez dakit zergatik, ez nengoen oso ziur egun hartan, eta paraje haietan, ukitu batzuekin nahikoa ote zuen, eta, egiazki, nire bizitzako gizona bazen, niganako interes apur bat erakutsi behar zidala uste nuen, alegia, ez zela nirekin ateratzen, besterik gabe, eta modu txarrean, hitz arruntetan esan ohi den bezala, larrua jotzeko. Haserretu egin zen ordea eta orduan bera bakarrik zihoala bota zidan, erabat zakar, eta eskaileretan gora egin zuen, lasterka.

Eskailera ezkerrerantz desagertzen da, argitasuna bezala, bidetik bi metro ingurura dagoen etxe baten parean, zeinen burdin hesian zakurrarekin kontu izateko ohartarazten duen kartela ageri den. Gero ikustetik dakit hori, baina orduan beherago geratu nintzen ilunpean zegoen paraje horretara so, eskailera oinean. Espero nuen, ni beldurtzeko asmoz minutu bat edo bitan ezkutatuta egon ondoren, hurbilduko zitzaidala, baina ordua hartu nuenetik hiru minutu pasa ziren, guztira ez naiz ausartzen zenbat egingo nuen zain esaten, esperoan denbora poliki joaten baita eta, gutxienez hiru minutu horien ondoren, behera egitea erabaki nuen.

Erabat errukigarria sentitzen nintzen. Sentimendu mingotsa da hori, noski, baina era berean gozoa ere bai, lasaigarria, negarra ateratzen zaizunean behintzat. Eta negarrez hasi nintzen, umetan ispilu aurrean egin ohi nuen bezala, neure buruarekiko errukiaz eta ez motiborik gabe, besteak beste, oinetako baten takoia hautsi zitzaidalako eta oso gaizki moldatzen nintzen ibiltzeko, umetan jolasean egin ohi genuen bezala, oin bat espaloi gainean eta bestea galtzadan zapalduz nindoala baitzirudien.

Nahitaez aire malderra izan behar nuen oso; horrela ikusten nuen neure burua behintzat eta, gutxi bailitzan, frontoi ondoko taberna atarian zeuden itxura txarreko gazte batzuk zikinkeriak esaten hasi zitzaizkidan eta, horregatik, oinetakoak kendu eta, hango lurra oinutsik ibiltzeko egokiena ez den arren, besteak beste beira zatiez estalia dagoelako, zauritzeko arriskuari begiratu gabe, eskaileretatik behera jaitsi nintzen, Zurriolara.

 

Pag.: 24

gros ulia kandinskyren tradizioa zemoriya