Eskuinera, Uliarako bidea hartu zuen eta goraino iritsi ginen, aparkalekura. Hortentsia piloa dago paraje hartan, nire aitarekin paseoan joan izan naizelako dakit, baina orduan ez zen jada apenas ikusten. Motorra itzali eta zigarroa piztu zuen, baina ez nik oparitutako metxeroarekin, plastikozko arrunt horietako batekin baizik. Ea galdu al zitzaion galdetzea pasa zitzaidan burutik, baina ez nuen egin gaizki hartuko ote zuen beldurrez. Deus esan gabe iraun genuen, ez dakit zenbat denbora, asko, lehendabiziko hitza berari zegokiola uste nuelako, baina argi zegoen kezko eraztunak egiteko baino ez zuela ahorik zabalduko eta, azkenerako, nerbioek hartu nindutenez, neu hasi nintzen eta isildu gabe jarraitu nuen nire lagunei Manuri entzundakoak bailiran kontatzen nizkien artearen inguruko historia haietako batekin.
Pag.: 35