Irungo bidea hartu eta Errenteria pasa ondoren Irrintzi hotelean geratu ginen. Ezagutzen ez duenarentzat esan dezadan errepideko hotel horietako bat dela, non, batez ere, bide-saltzaileek eta errepresentanteek hartzen duten ostatu; Aitorrek erabiltzen zuen izen ponpoxoarekin esateko, komertzialek. Ez dut esango hotela, berez, gau bat pasatzeko txukuna eta egokia ez denik, baina ez ditu betetzen ametsezko gau erromantiko baterako irudikatuko genituzkeen baldintzak ere. Bestalde, esperoko nuen aldez aurretik kafetegi polit batean zerbait hartzera eramango ninduela, eta norabait dantzara joateko ilusioa ere egin nuen, banekien arren azken hau gehiegi eskatzea zitekeela, baina, edozein kasutan, ez nuen uste, egin zuen bezala, zuzen-zuzenean ohera eramango ninduenik.
Harreran, bera gela eskatzeko erakusmahaira inguratu zenean, ni aparte geratu nintzen. Enplegatuak ezagutzen zuela iruditu zitzaidan, konfiantza giroan “hemen al gabiltza” edo antzeko zerbait esan baitzion. Egiaz, gurean, ostalaritza zerbitzuetako jendea beste leku batzuetan bezain formala ez delarik, diosal normala ere izan zitekeen, baina, esan bezala, irudimen hori izan nuen, lehenagotik bere lankide komertzialekin ikusita ezagutzen zuela. Gizonak ez zeraman uniformerik; betaurrekoduna zen eta kuriositatez begiratzen zidan Aitorrek fitxa betetzen zuen bitartean. Hori iruditu zitzaidan behintzat, beharbada lotsaturik nengoelako. Lotsatuta eta urduri, neure burua lasaitzeko ahalegin guztiak egiten nituen arren, ohi dudanez, arnasa sudurretik sakon hartuz birikak erabat betetzeraino eta, oso poliki, hamar arte kontatu bitartean, botatzen saiatuz.
...
Besterik izan zen Aitorrekin. Ez dakit xehetasunik emateak merezi ote duen, egia esan. Zigarroa amaitu zuenean ea gela gustuko nuen galdetu zidan eta baietz erantzun nion, noski. Leihotik gasolindegia nekusan. Gaua bat-batean sartua zen eta argiune gordin hari, iluntasunaren erdian, zine beltzeko aire ametsezkoa eta kezkagarria zerion. Argitzal hotz batean geunden, zeina segundo gutxiko tartean fatxadako neonaren keinadak isla gorriz eta berdez tindatzen zuen. Hotzez al nengoen galdetu zidan gero, eta ezetz erantzun nion; ez zitzaidan bururatu nire aire malderrak benetan hotzez nengoela iradoki ziezaiokeenik eta brusa askatzen hasi nintzen, iruditu baitzitzaidan ea ez al nuen biluzteko asmorik adierazten zidala.
...
Kanpotik jasotzen nituen bizitza seinaleei belarria erne jarrita nengoen, neure burua denboran orientatu nahian, ziurrenik, eztanda ikaragarri hura entzun zenean. Ohea bera ere dardaratuegiten zela iruditu zitzaidan baina bertan jarraitunuen, izuak bezainbat harridurak hartuta eta biluzik nengoelako, pentsatzen dut. Luzea izan zen dunbotsa, irudipenhori dut, zer izan zitekeen pentsatzeko denbora eman zidalako, eta ondorengo isiltasun erabatekoak izugarriago egin zuen, natura osoa mututua zela zirudielako, istant minimo batez izan bazen ere, berehala alarmak jotako auto batzuen bozina hotsa entzun baitzen eta, jarraian, jendearen murmurra eta ulertzen ez nituen ahots ozenak gero.
“Joder, bonba bat” esan zuen Aitorrek. Ez zekien hitz bat esaten aldez aurretik “joder” bota gabe. Maindire barnean galtzontziloak jantzita hurbildu zen leihora. Neuk ere kuleroak eskuratu nituen gau-mahai gainetik, baina ez nintzen janztera iritsi bera leihotik oherantz bueltatua zelako. “Ez da deus ikusten”, esan zuen, hotzak akabatzen balego bezala, besoak bularrean gurutzatuz, saihetsak igurtzitzen zituela, ohera bidean. Beraren kontra itsatsi nintzen.
...
Hotel aurreko zelaigunea kamioiz beteta zegoen eta ez zen eztandaren aztarrenik nabari. Ez polizia autoenik ezta anbulantzienik ere. Ez dakit zergatik, egonak ginen gelako leihoa atzeman nahi izan nuen; duda nuen biren artean. Aitor hurbildu zitzaidanean galdetu egin nion ea zein uste zuen izan zitekeela. Apenas burua altxatzeko lanik hartu gabe, ea zer axola zion ihardetsi zidan. Egia esan, neuri ere ez zitzaidan asko inporta. Jolas bat zen, besterik gabe.
Pag.: 58