Ez da erreparatu taxirik ba ote zegoen Abenidan. Ahaztu egin zaio begiratzea. Ez zen egongo ziurrenik, ordu honetan, egun honetan. Asko etxean egongo dira. Geltoki aurrean bi bakarrik zeuden eta beste bidaiari batzuek hartu dituzte bera iritsi baino lehen. Egia esan, ez da asko saiatu ere. Badabil oraindik ere jendea, Kontxako pasealekuan gutxi batzuk lasterka, bera bezala. Etxerantz. Taberna batzuk ere itxita ikusi ditu hirigunetik pasa denean. Agian beranduago irekiko dituzte berriro, afalondoan. Ohiturak aldatzen ari dira. Aldatu egin dira, Víctor ia ez bada ohartu ere egin.
Uste baino luzeago ari zaio gertatzen ibilaldia. Ibiltzeak, tren orduen ondoren hankak mugitzeak, plazera ematen dio, asko gustatzen zaio ibiltzea eta ohituta dago ibilaldi luzeak egiten. Baina berandu iritsiko ote den hasi da larritzen. Ez, ez dago presarik. Trena ondo iritsi da eta hamarretarako egongo da Luziarenean, edo zertxobait beranduago, baina ez asko. Ez omen da zaila aurkitzea. Tunela pasa eta ezkerretara, elizaren atzeko etxe zuri handiak. Ez dute presarik gaur afaltzeko, ez bihar jaikitzeko. Ez diote inori konturik eman behar. Hori esan zion Luziak. Zertan ari ote da orain Luzia.
Poza izan litekeen zerbait sentitzen du Víctorrek itsasoaren usainaz jabetzean.
Zer gelditzen zaio berari, zer du berak orain Luziari eskaintzeko. Lana? Lan merezimenduen bidez eskatu izan du beti bizitzeko behar den baimena, justifikazioa, norberari aurrera egiteko balio dion besteren miresmena.
Ez du inoiz bestelako maitasunik eskatu, ez delako ausartu edo ez duelako asmatu, ez duelako bere mailatik jaitsi nahi izan agian. Juliarena eskatu gabe etorri zitzaion. Juliak eman egin zion berak eskatu baino lehen. Beti ematen zion dena berak eskatu baino lehen, berak eskatu gabe.
Orain ez daki nola egiten den hori, eskatu, ez daki eskatzen.
Juliak eskatu gabe ematen zion behar zuena, zaindu egiten zuen, berak kezkarik izan ez zezan. Hala oroitzen du Víctorrek, baina ez daki zerbait ahaztu ote zaion, ez daki ziur osorik zoriontsua zen zaintze hura, eta dagoeneko beranduegi da erreparatzeko, Juliari aurpegira begiratzeko, bera etxera berandu iritsi denean ebakuntza bategatik edo baietz esan dionean burua jaso gabe, ondo egongo dela prestatu dion maleta, eskerrik asko, presaka biltzarrerako paperak txukundu bitartean. Juliak egia gordin esan balio beti, Juliak berarekiko kontu eta mirespena hautsi balitu inoiz eta aitortu aspertu ere egiten zela… Une batez ematen du Víctorrek nahiago lukeela hala izan balitz.
Antiguako tunela.
Dena den, esan zion Luziak, deitzeko, joango zitzaiola bila, taxirik ez bazegoen eta oso kargatuta bazetorren. Ez, ez dator oso kargatuta: gau bat igarotzeko jantziak, sorbaldatik zintzilik erraz daraman zorro arinean. Gau bat edo bi. Edo bi. Eta ez, bera iritsi denerako, ez zegoen taxirik geltokiaren ondoko paradan. Baina ez dio deitu Luziari, nahiago izan du haren etxera iristeko denbora hartu, ibili kalean, denbora-pasa, trenetik, treneko jendartetik Luziaren aurrera iristeko bitarte hori oinez pasa, kalean, itsasoaren ondotik.
Ez du Luzia etxetik aterarazi nahi. Esango dio autoarekin geltokira heltzeko behar izango zuen denboran, berak bidearen erdia egina zuela.
Zerbaitegatik nahiago du Luzia zain egon dadin, bere zain, geldirik, etxean, epelean, lehorrean.
Ez zuten zehaztu noiz arte geldituko zen Donostian. Ez batak, ez besteak. Badu bi gau ere Donostian gelditzeko arropa nahikoa. Autoen tunelaren eskuinetik jarraitzen du oinezkoenera. Antigua auzoko tunela. Gutxi falta da Luziarenera iristeko.
Pag.: 92