Antxetek, Zurriolako hondartza gainean hara-hona hegaka, garrasi egiten zieten han behean, gaueko hondakinen artean elkarri mokoka ari ziren kideei. Coca-Cola lata, patata poltsa eta hanburgesa bilgarrien artean gazte batzuk lo-zakuetan sartuta zeuden, udaltzainek altxatu eta alde egiteko egindako errekerimenduei entzungor.
Kursaaleko Kuboen aurretik pasatzekoa zen Lisa, baina atzealdera jo zuen, petrilean esertzera. Goiz atera zen etxetik, goizegi. Beti bezala ohean bueltaka eman zituen azken bi orduak, eta zuzenean agurearen etxera joan beharrean, kafe amerikar bat hartu zuen bere auzoan. Gero Kursaal aldera egin zuen.